XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Balirudike bi galderetatik lehena dela garrantzizkoena, horrek erabakiko dituelako ondorengo idatziaren helburuak eta ikasgaiak,

baina Raimundo Silvak Portugaleko Historia bat idazteko bezain atzera joan nahi ez zuenez, eta joan ezin zenez, historia hura, bestalde, zorionez laburra izango zen arren, urte gutxi lehenago hasi zelako eta bere muga, esan den bezala, Lisboako Setioa izango zelako, eta gurutzatuek erregearen eskaerari Ezetz erantzun zioten unean hasiko zen historiak narrazio-eremu zinez murritza izango zuenez, bigarren galdera bilakatzen da gertakarien eta kronologiaren erreferentzia ezinbesteko, hau da, herri xehearen hitzak erabiliz, Nondik arraio helduko diot galdetzea bezala litzateke.

Hortaz, badirudi, hala ere, pixka bat egin beharko dela atzera, On Afonso Henriquesen mintzalditik has liteke, adibidez,

honek, bestalde, mintzalariaren hitzez eta estiloaz beste gogoeta bat egiteko bidea emango luke, are, agian beste mintzaldi bat asmatzeko aukera emango luke, garai, pertsona eta tokiari, edo besterik gabe, egoeraren logikari atxikiago zitzaion beste mintzaldi bat, zeinak, edukiak eta ezaugarriak zirela tarteko, gurutzatuen tamalezko ukoa zuritzen ahalko bailuke.

Baina hemen aldez aurreko arazo bat dago, komeni da jakitea, nortzuk izan ziren egoera hartan erregearen solaskideak, alegia, norentzat mintzatu zen erregea, zer jende-klase zuen aurrean bere predikua bota zuenean.

Zorionez, hau ez da ezinezkoa, iturri garbira joatea nahikoa da, kronistetara, alegia, Lisboako Setioaren Historiara, urrutirago gabe, Raimundo Silvak bere mahai gainean daukan horretara, hain zuzen, oso oparoa da, orrioi begiratu bat ematea baizik ez da, bilatzea, aurkitzea, informazioa iturri onekoa da,

esan ohi da Osberno ospetsua bera dela iturria, eta halaxe jakin ahal izan dugu Aarschoteko Arnoldo kondea zegoela